XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta hemen hiru aldiz Juan Ajuriagerraren laguntza izan nuen: 1. Alderdi aldizkaria nire eskuetan jarri zuten; ixilpekoa zenez gero, behar nituen euskal idazleak ilunpean aurkitu; entzungor asko aurkitu nuen nire bidean.

Batzuk, beldurrez, eta beste batzuk, h-rik gabeko lanik egin nahi ez zutelako, arrazoi handiz.

Neroni aritzen nintzen, editorialez kanpoko beste euskal lanak ere idazten, izenorde ezberdinez.

Baina ezin nintzen denetara iritsi; bestalde, ez nuen joko hau onartzen, eta Bilbon izan genuen batzar batean erabaki zen, azkenik: Zeuk esan zidan Ajuriagerrak artikuluak jaso bezala onartu behar dituzu, h-gaz badatoz, h-gaz agertu.

Eta Orixerekin Euzkadi egunkarian Errepublika garaian gertatua kontatu zigun: Esan nion Orixeri gauza bera; orduan ez zen h-rik, baina bai s eta z arteko istiluak, eta kejak jasotzen ari ginenez, esan nion: zeuk datozen bezala hartu behar dituzu lanak, gu ez gara inor alderdikideen artean batekoak edo bestekoak bereizteko....

Eta halaxe amaitu ziren orduko istiluak.

Neuk hala uste; baina askok, urteak pasata ere, ez didate nire jokabide hura inoiz barkatu.

2. Bigarren auzia, Deia-koa izan zen: Oraingoan ere Juanito Ajuriagerra dela eta izan nintzen deitua, euskararen taldeko buru izateko.

H-ren arazoa onartuaz, noski.

Honez gainera, kosta zitzaidan taldea neuk nahi bezala osatzen, eta infernuko etsai asko sartu omen nuen; hala aurpegiratu zidaten.

Haietako batzuk hor daude oraindik, eta ez dut uste barru-borroka handirik sortu dietenik.

3. Eta hirugarren aldiz, Eusko Kontseilu Orokorra sortu zen une berean, Boletin Ofizialak elebiduna izan behar zuela erabaki zen bezain laster, izan nuen Karlos Santamaria jaunaren deia.